2008ko uztailaren 7ko goizaldean, San Fermin jaietan, Nagore Laffagek kalean topo egin zuen Jose Diego Yllanesekin. Ikustez ezagutzen zuten elkar, azken hau psikiatriako mediku egoiliarra zelako Nagorek erizaintzako praktikak egiten zituen klinikan. Mutilaren etxera heldu zirenean Nagorek alde egin nahi izan zuen, baina mutilak ez zion irteten utzi. Nagore basatiki jipoitu zuen. Ia indarrik gabe, telefonoa hartu eta larrialdietara deitu zuen laguntza eske. Larrialdi zerbitzukoek ez zuten haren ahotsa entzun. Inork ezin izan zion lagundu, eta bahitzaileak ito egin zuen azkenik.

Yllanesek erailketaren aztarnak ezabatzea erabaki zuen: gorpua bere autoaren maletategian sartu eta mendian ezkutatu zuen. Gorpua ordu gutxiren buruan aurkitu zuen emakume batek, txakurrak paseatzen ari zela. Yllanes herri-epaimahai batek epaitu zuen. Akusatzaile guztiek, fiskala buru zutela, 20 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuten Yllanesentzat erailketa delituagatik. Aldiz, abokatuak lortu zuen epaimahaiak ondorioztatzea ez zela maltzurkeriarik egon. Guztiak harritu zituen erabakia hartu zuen epaimahaiak, eta abokatuaren argumentuak kontuan hartuta, Yllanes giza hilketagatik zigortu zuen, erailketagatik zigortu ordez.

Zigortuak jarrera ona baldin badu, urte gutxi barru espetxetik irteteko baimenak izango ditu. Kasu honek arrakalak ireki ditu hainbat frontetan. Batetik, Nagoreren familiak borrokan jarraitzen du justizia lortzeko, Nagoreren hilketa erailketatzat hartuko duen epaia lortzeko. Bestetik, eztabaidagai da justiziaren alorrean herri epaimahaia egokia ote den; izan ere, halako epaimahaietako kideek ez dakite ezer —edo oso gutxi dakite— zuzenbideaz.