Emakume atzerritarra, etxeko langile kontratuduna. Hasiera batean haur bat zainduko zuela uste zuen, baina azkenean etxeko lan guztiak egiten bukatu zuen.

Haurdun geratu zen, eta ondorioz osasun-arazoak izan zituen arren, bere nagusiak lan egitera behartu zuen. Erditu baino hilabete lehenago, ohiko medikuak eta emaginak zuzenean hala aholkatuta, gaixotasun-baimena hartu zuen. Nagusia ez zen harekin harremanetan jarri, ez erditu zenean ezta ondoren ere. Amatasun-baimena bukatu zenean, nagusiarekin harremanetan jartzen saiatu zen berriz ere lanean hasteko. Une horretan, poliziak jakinarazi zion nagusiak lana bertan behera utzi izanagatik salatu zuela. Lanik gabe geratu zenez, Lanbidera jo zuen laguntza eske. Lanbiden jakinarazi zioten nagusiak gizarte-segurantza ordaindu zuela, eta hortaz ez zioten laguntza bideratu.

Erditu aurretik bere senarrarengandik banandu zen, baina erditu baino hilabete bat lehenago berriz ere elkartu ziren, bientzat oso prekarioa zen egoeran. Gizarte langilearen laguntzarekin, bere kasua emakumeentzako Argitan aholku etxera bideratu zen; elkarte hori lehenbiziko adiskidetze-egintzara joan zen. Han, enplegatzaileak argudiatu zuen akats bat egon zela, eta gizarte-segurantza ordaintzen jarraitu zuela ohartu gabe. Atzeraeragina duen borondatezko kaleratzea proposatzen du nagusiak, hau da, kaleratzea amatasun-baimenaren aurretik ezartzea. Nagusiak haren aurka jarritako salaketarekin batera, Lanbidek ondorioztatu zuen arau-hauste bat egin zuela emakumea laguntza jasotzen saiatu zelako oraindik Gizarte Segurantzan zegoenean. Ondorioz, Lanbidek urtebetez diru laguntzarik jaso gabe zigortu zuen. Epaiketara jotzea erabaki zuen, baina epaiketa baino lehen enplegatzaileak kaleratzea sinatzea onartu zuen, Argitanekin batera defendatutako baldintzetan.

Lanbidera doa berriz ere; oraingoan, Lanbidek jarrera zuzendu eta dagozkion atzerapenak ordaintzen dizkio emakumeari. Kasua konpondu arte urtebete eman zuen diru laguntzarik jaso gabe. Epe horretan Lanbidek ez zuen zuhurtasun-printzipioaren araberako jarrerarik agertu, ezta pertsona guztien eskubideak eta gutxieneko baldintzak bermatzeko jarrera ere.