Beltzez jantzitako emakumeak, 1988. urtetik
Ibilbide luzea egin du gerraren aurkako emakumeen nazioarteko mugimendu bakezale eta feminista honek, mundu osoko gatazka armatuekin lotutako bidegabekeriak salatzen.
Mugimenduaren estrategietako bat bijiliak izan dira, pertsona baten edo gehiagoren indarkeriarik gabeko agerraldiak, normalean beltzez jantzita eta isilik, mezuak dituzten pankartekin (batzuetan kandelak, loreak); helburu dute gatazka armatuak eta horien ondorioak gaitzestea
Bijilia horiek leku estrategiko eta jendetsuetan egiten dira, garrantzi sinbolikoren bat izan dezaketenak. Emakume zein gizonei zuzendutako ekintzak dira, eta aldian behin egiten dira.
Bijilia horiek, beste ekintza batzuekin batera, nazioarteko zein tokiko gatazka ugari salatzeko balio izan dute, besteak beste, Palestinan, Iraken, Balkanetan eta Afganistanen gertatutakoak.