27 urteko emakumea, etxeko lan ez-ordainduan aritzen da, lau seme-alaba ditu eta bikotekidea du gaur egun.

Amak txikitan abandonatu zuen, eta 12 urte zituela ahizpa nagusiak eskola eta aitaren etxea utz zitzan estutu zuen etengabe. Ahizpak bere semea zaintzera behartu zuen, etengabe jo eta mespretxatzen zuen, eta bakartu egin zuen, ihes egiteko zeukan aukera oro deuseztatuta. Halaber, ahizpak taberna batean lan egitera eraman zuen; ezin zen tabernatik atera eta han irabazitakoa beraren eta ahizparen artean banatzen zen. Tabernan bortxaketa-saiakera pairatu zuen. 13 urte zituela, tabernatik ihes egiten lagundu zion mutil gazte bat ezagutu zuen, eta honek aitaren etxera eraman zuen berriro. Aitaren etxean ez zen aitak ez ahizpak babestuta sentitzen.

14 urterekin bikotekidea ezagutu zuen eta haurdun geratu zen. Bere kideak arazoak zituen alkoholarekin, eta haurdunaldiaren ondorioz egoerak okerrera jo zuen: indarkeria eguneroko kontu bihurtu zen. Ia abortua eragin zion jipoi baten ostean ospitaleratu zuten. Denboraldi batez aitaren etxera itzuli zen, eta bere bizitza jarraitzen saiatu zen.

Beste bikotekide bat izan zuen, baina azken hau oso gizon posesiboa eta jeloskorra zen. Hortaz, harremana etetea eta aitaren etxera itzultzea erabaki zuen. Beste harreman bat hasi zuen jarraian, eta bikotekide ohia bikotekide berria hiltzen saiatu zen, tokiko talde antolatuak kontratatuta. Bikotekide berriak arazoak zituen alkoholarekin; gizona mozkortzen zen bakoitzean, biktima haren bila joaten zen, eta horrek gizona eta bere lagunak haserretzen zituen. Guztien aurrean tratu txarrak ematen zizkion eta iraintzen zuen, kalean zein etxean.

Behin, biktimari ohartarazi zioten bila joango zitzaizkiola gau hartan, bikotekidearentzat ez zuela ezer balio eta berarekin nahi zutena egin zezaketela. Biktimak ozta-ozta izan zuen denbora seme-alabak babesteko, auzokide batekin utzita, baina ezin izan zuen ihes egin. Talde antolatuetako gizonek eta bikotekidearen lagunek bortxatu zuten, bizi ziren komunitate berekoek, bikotekideak eta auzokide batzuek horren berri izan arren. Auzokide baten bitarkekaritzari esker soilik lortu zuen bizirik ateratzea. Bortxaketaren ostean, aitaren etxera itzuli zen bolada baterako. Komunitatean ia jende guztiak zeukan gertatutakoaren berri, eta neskari leporatu zioten errua, egoera hori berak eragin zuelakoan. Gainera, handik 3 hilabetera, haurdun zegoela jakin zuen. Depresioak jo zuen. Ezin izan du salaketarik egin; hala egiten badu bera hil dezakete, edota seme-alabei kalte egin. Indarkeria etengabekoa da haren bizitzan, bikotekideak edaten eta talde antolatuetatik hurbil egoten jarraitzen du.