Chaka estudioa, 2015

Web interaktibo honen helburua Perun 90eko hamarkadan emakumeak bortxaz antzutu zituzteneko gertaerak argitzea da, memoria kolektiboko artxibo bat sortuz. Asmoa da istorio horiek ez daitezen inoiz ahaztu eta abusu horiek berriro gerta ez daitezen laguntzea. Proiektua Amnesty Internationalekin lankidetzan garatu dugu, Bere Borondatearen Kontra izeneko kanpaina babestuz, baita tokiko emakumeen erakundeen laguntzarekin ere, artxibo hori euren aitortza eta erreparazio borrokan erabiliko den itxaropenez.

90eko hamarkadan, Peruko presidente izan zen 10 urteetan, Alberto Fujimorik Familia-Plangintzako Programa berri bat abiarazi zuen, 4 urtetan 272,028 emakume eta 22,004 gizon antzutu zituena. Gehienak landa-eremuetako komunitate indigenetakoak ziren, eta milaka lagunek adierazi dute baimen informaturik gabe antzutu zituztela. Fujimori Lehendakariak 2000. urtean dimisioa eman ondoren, esterilizazioen bidegabekeriak azalarazten hasi ziren. Ia bi hamarkada igaro eta gero, pertsona horiek justizia bilatzen jarraitzen dute.

Quipusak elkarri lotutako sokak dira, Inkek eta antzinako Andeetako zibilizazioek mezu konplexuak transmititzeko erabiltzen zituztenak. Dokumental interaktibo hau sistema honen interpretazio garaikide bat da. Webgune honetarako bereziki garatutako eta konektatutako telefono-linea baten bidez, esterilizatutako 150 pertsona ingururen testigantzak bildu dira. Bi noranzkoko komunikazio-kanal bat da, non emakumeek elkarri entzun eta erantzun diezaioketen, laguntza-azpiegitura bat sortuz, komunitateetako pertsona kaltetuak konekta ditzakeena.