Memoria Eraikiz emakume biktimen eta biziraun dutenen ahotsa eta testigantzak bilduko dituen memoria kolektiboaren eraikuntza indarkeria matxisten aurkako estrategia gisa lantzeko apustua da. Emakume horiei sinesgarritasuna emateko, haien erresistentzia-estrategiak ikusarazteko, kontakizun horiek berresteko eta emakume horiek beren bizitzaren eta jendarte aldaketaren protagonista diren diskurtsoetara igarotzeko beharretik sortutako ekimena da.
Historia eta, beraz, iruditeria kolektiboa eraikitzen dituzten kontakizun hegemonikoak zalantzan jartzen dituen memoria feminista; zeinarik gabe, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko prozesuetan aurrera egitea zaila egiten zaigun.
Ekimen hau kokatzen den indarkeria matxisten aurkako kanpainaren lehen urteetatik, biziraun duten emakumeei ahotsa eta sinesgarritasuna emateko beharra identifikatu genuen. Hala, 2013an, emakumeen eskubideen aldeko auzitegi sinboliko bat egin genuen, eta, han, beste behin ere ikusi ahal izan genuen zer-nolako garrantzia duten testigantzek emakume horien erreparazioa bultzatuko duen egia eraikitzeko.
Aurrerago, Aslfato arteko Loreak ikerketa burutu genuen, zeinetan munduko hainbat lekutatik indarkeria matxista anitzen biktima eta biziraun duten 28 emakumek beren testigantzak eman zituzten. Eraikuntza kolektiboko prozesua izan zen non indarkeria matxisten kausak eta eraginak haien bizitzetan jorratu genituen.
Kontakizun horietako 7 Memoria Eraikiz ekimenaren zentzumen-esperientziarako hautatu ziren, emakumeen ahotsarekin memoria eraikitzeko apustua indartuz, indarkeria matxisten aurkako borrokarako tresna gisa.
Web honetan prozesuari eta zentzumen esperientziari buruzko informazio guztia aurkituko duzue. Espazio hau, gainera, memoriaren eraikuntza emakumeen ahotsetik jorratzen duten ekimenak biltzen dituen gune birtual bilakatu nahi dugu.