2016ko otsailaren 15etik uztailaren 15era bost egunkari aztertu genituen egunero. Indarkeria matxisten gaia nola lantzen zuten ikertzen saiatu ginen horrela, eta aldi berean arreta berezia eskaini genion erakundeen edota alderdi politikoen diskurtsoa ezagutzeari, hedabideen bitartez heltzen baita jendartearengana.
Hedabideek, iritzia sortzen duten heinean, funtsezko rola daukate indarkeria matxisten aurkako borrokan. Izan ere, indarkeria salatzen edo ezabatzen lagundu dezakete, edo, aitzitik, zenbait kazetaritza-praktikaren bidez, albisteetan ageri diren estereotipoak eta analisi sinplistak eta testuingururik gabekoak elikatu ditzakete, eta hortaz, betikotu daitezen sustatu.