Hainbat lurraldetako gizarte-taldeak, 2018

Kanpaina honen abiapuntua da sorgin ehiza modernitatearen prozesu fundatzailea izan zela, eta emakumeak diziplinatu nahi izan zituela, sortzen ari zen gizarte kapitalistan leku berria onar zezaten. Horrek atzean uzten zuen landa-komunitateen ugalketa-autonomia, eta, indarkeriaren zeinuaren azpian, nekazarien proletarizazioaren pean, merkataritza-harremanen mende eta Estatuen eta Elizaren sorreraren pean azpiratzen zuen, biztanleria, sexualitatea eta ugalketa kontrolatzea lehen helburu zutenak. Hau XVI. eta XVII. mendeetako Europan gertatu zen, baita Amerikaren konkistan ere. Hala ere, gaur egun ikusten dugu hilketa horiek gertatu ziren tokietan modu mitologikoan eta jai-giroan gogoratzen dituztela, eta kasu askotan jazarleen ikonografia errepikatzen dutela. Honek pairatutako indarkeriaren hutsaltzea eta arrazoi historikoen ezkutatzea dakar.

Horregatik, kanpaina hau osatzen duten taldeek honako hauek proposatzen dituzte:

  • Sorgin ehiza historikoa ikertzea eta kapitalismoaren, estatu modernoaren eta kolonialismoaren sorrerarekin duen lotura aztertzea.
  • Sorgin ehiza garaikidea ikertzea eta kapitalismoaren, estatuaren eta kolonialismoaren aurrerapenari erresistenteak diren bizimoduak isilarazteko eta kriminalizatzeko egindako sorginkeria salaketak aztertzea. Baita borroka horiek babestea eta ikusaraztea ere.
  • Gertakari horien memoriaren irudikapena aztertzea, gertatu ziren lekuetan memorialak garatzeko aliantzak eraikitzea eta jarraipena egitea memoria hori folklorerik edo estereotiporik gabeko gertaera historikoekin bat etor dadin.
  • Kapitalismoaren hastapeneko emakumeen aurkako indarkeria eta gaur egungoa lotzea.
  • Ikerketa eta gogoeta horiek zabaltzea, gizarte-justizia erdigunean izango duen beste mundu bat eraikitzen laguntzeko.