PastWomen Sarea, 2007tik gaur egun arte.

Proiektu honen helburua Historiaren eta Arkeologiaren azterketan emakumeak ikusaraztea da, dibulgazio zientifiko historikoan ikuspegi feminista sustatuz.

PastWomen 2007 eta 2011. urteetan sortu zen bi ikerkuntza proiekturen baitan: ‘Los trabajos de las mujeres y el lenguaje de los objetos: renovación de las reconstrucciones históricas y recuperación de la cultura material femenina como herramientas de transmisión de valores’ (Emakumeen lanak eta objektuen mintzaira: berreraikuntza historikoak berritzea eta emakumeen kultura materiala berreskuratzea balioak transmititzeko tresna gisa) eta ‘La història material de les dones: recursos per a la recerca i la divulgació’ (Emakumeen historia materiala: ikerketa eta dibulgaziorako baliabideak). 2018tik, ‘Pastwomen. Emakumeak eta generoa historiaurreko eta antzinako jendarteetan: ikerkuntzatik hezkuntzara’ Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Sare Tematikoak Espainiako Estatuko eta Europako 15 unibertsitate, ikerkuntza-gune eta museotako 30 ikertzaile baino gehiago biltzen ditu.

Bere web orriak historiako aro desberdinei buruzko informazioa jasotzen du emakumearen rola nabarmentzen duen begirada baten bidez. Horrela, Paleolitotik erromatarren garaira arteko emakumeen bizi-zikloak kontsulta daitezke. Webgune honetan bertan, hainbat garai historikotako emakumeei buruzko ikus-entzunezko material didaktikoa eta bibliografikoa garatu eta bildu dute.

Sareak ‘Pastwomen’ izeneko online topaketa irekiak ere antolatzen ditu arkeologiari eta historia feministari buruz, ikertzaileekin eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko.

Duela gutxi, 2022ko ekainean, ‘Iraganari egindako beste begirada batzuk’ erakusketa birtuala aurkeztu zuen. Bertan, ikuspuntu desberdinetatik heltzen zaio emakumeen historiari, egungo emakumeentzat garrantzitsuak diren gaiekin lotzen diren espazioei eta kultura materialari buruzko ikerketan oinarritutako ekintzetatik abiatuta.