21 urteko neska gaztea, unibertsitateko ikaslea. Gaur egun bere mutil-lagunarekin bizi da. Argi zuen ez zuela seme-alabarik izan nahi. Haurdun geratu zenean, haurdunaldia etetea erabaki zuen eskura izan zituen metodoen bidez. Ustez hilekoa zen etengabeko odol jario bat zela eta, hiriburuko osasun-etxe pribatu batera joan zen bikotekidearekin, kontsulta batera. Bertan haurdun zegoela esan zioten, eta berehala zabaldu zen alarma langileen artean, abortua eragin zuelako susmoa baitzuten. Erizainek, medikuek, eta praktiketako langileek galdekatu zuten, eta epaiketa morala egin zioten. Osasun-langileek poliziari jakinarazi zioten gertatutakoa, eta neskak bost egun eman zituen ospitaleko oheari eskuburdinez lotuta eta zaintzapean. Poliziako ofizialek “zelatatu” zuten gau eta egun.
Kasuaren hasierako auzialdia 2015ean izan zen, neska artean ospitalean zegoela. Lehenengoz, bere kabuz abortatzen saiatzea egotzi zioten, eragindako abortua. Ez zuen abokatu publikorik izan, ilegala bada ere. Epaileak prozesu osoaren baliogabetasuna ebatzi zuen, baina hortik aurrera fiskaltzak epaiaren aurka gora jo zuen eta epailearen erabakia baliogabetu zen. Ondorioz, 2106an aurre auzialdi bat egin zen. Orduan, fiskaltzak prozesua publikoki egiten jarraitzeko eskaeraren aurrean, epaileak bi aukera proposatu zituen: zigorraren behin-behineko baliogabetzea, eta prozeduraren behin-behineko baliogabetzea. Abokatuak azken aukera hautatu zuen, eta epaileak hiru baldintza jarrita ebatzi zuen: bizilekua ez aldatzea, alkoholdun edaririk ez hartzea eta haurtzaindegi batean haurrak zaintzea. Gaur egun hiru aginduok betetzen ari da. Baliteke hiru urtez bete behar izatea, baina zaindutako askatasun sailaren esku dago hori. Abokatuak gogorarazten du ezarritako arauak bete ezean, zigor-arloko prozesuak aurrera jarrai dezakeela.