Emakumea, 65 urte, ile-apaintzailea. Kasu honek hainbat emakumeri eragin zien. Frankismo garaian, XX. mendearen erdialdean, Aragoi Garaiko Janovas herrian lurren desjabetzeari ekin zioten, presa bat eraikitzeko. Iberduero (gaur egungo Endesa) zen kontzesiodun enpresa.
Kalkuluen arabera, 300 familiak bizilekuz aldatu behar izan zuten derrigor, eta Iberduerok etxeak dinamitaz lehertarazi zituen inor itzuli ez zedin. Bi familiak iraun zuten, biek ala biek emakume bana zuten buru, zein baino zein adoretsuagoak; hogei urte baino gehiago iraun zuten bertan, enpresaren estortsio eta sabotajeei aurre egiten. Azkenean indarrez kanporatu zituzten.
Urteak pasa ziren, eta ez zuten urtegia eraiki. Desjabetzearen eta derrigorrezko lekualdatzearen eragina oso ezberdina izan zen emakumeentzat. Alde batetik, lurren jabe izateko edo lurrak oinordetzeko eskubidea ez zitzaien aitortzen, eta hortaz, haien egoera ikusezina zen eta arrisku handiagoa zuten enpresaren eta estatuaren beraren indarkeriari aurre egitean. Bestalde, Janovaseko emakumeak baserritarrak ziren, jatorri apalekoak eta hezkuntza-maila baxukoak. Hartara, bizileku berrietara egokitzeko prozesuan hiri handien gogortasunari aurre egin behar izan zioten, eta soldata baxuko etxeko lanetan aritu ziren, kasurik onenetan.