50 urteko emakumea, banandua. Ez du soldatapeko lan arauturik eta bi seme-alaba ditu. Bikotekide ohia 54 urteko gizona da, arkitektoa, bere enpresa du eta emakumearen seme-alaben aita da. Banandu zirenean amak lortu zuen haurren zaintza, eta aita ez zen haien hezkuntzaz edo mantenuaz arduratu. Hartara, amak hura salatzea erabaki zuen, aita gisa zituen erantzukizunak ez betetzeagatik.
Erakundeek ez zioten erantzun baliagarririk eman. Aitzitik, emakumeak honako egoerei aurre egin zien: a) erakundeek zalantzan jarri zuten bere seme-alaben aita nor zen, errua egotzi zioten eta bere bizitza pribatua epaitu zuten, birbiktimizatuz ; b) zerbitzu publikoek ez zuten behar bezala jardun eta ez zuten egoera egoki ikertu, eta c) administrazio- eta justizia-prozedura oso burokratikoa, gogaikarria, luzea, eraginkortasun gutxikoa, eta kostu ekonomiko zein emozional handikoa izan zen. Erakundeek errepikatu zioten ezin zutela ezer egin bere bikotekide ohia mantenua ordaintzera behartzeko, nahiz eta hori agintzen duen sententzia bat dagoen.