56 urteko emakumea. Ezkonduta dago eta bost seme-alaba ditu. Hainbat lanpostu izan ditu (animaliak zaintzen, taloak egiten, etab.). Gerra garaian, 22 urte zituela, armadakoak haren etxera joan ziren gauez eta bere aitari gerrillari izatea leporatu zioten. Hori baino lehen, aitak etxetik ihes egitea lortu zuen. Soldadu batek emakumea bortxatu zuen. Bortxatu bitartean, eskuak lotu zizkion eta jo egin zuen; kolpeen ondorioz ez du ondo entzuten.
Indarkeriaren eraginak oso gogorrak izan ziren, fisikoak, emozionalak zein psikologikoak. Haiseran, soilik amak jakin zuen bortxatu zutela, bortxatu zutenean alboan zegoelako. Aitari askoz geroago kontatu zioten. Izan ere, sentitzen zuen lotsak, beldurrak eta konfiantza faltak ez zioten kontatzen uzten. Bortxatu ostean, komunitatetik ihes egin zuen eta hirira joan zen aukera bila, bortxaketaren ondorioz haurdun geratu zela jakin gabe. Beldurra, lotsa, bakardadea, lana bilatzea… Oso zaila egin zitzaion garai hori. Semea jaio ondoren duintasunez bizitzea ahalbidetu zion enplegu bat aurkitu zuen.
Komunitatetik kanpo egon zen urte luzez. Berarekin bizi nahi zuen gizon bat ezagutu zuen. Harekin itzuli zen komunitatera, eta lau alaba izan zituzten. Urte batzuen buruan, senarra mozkortzen hasi zen alkoholiko bihurtu arte, eta emaztea erasotzen hasi zen. Denborarekin, emazteak erasoak salatzea lortu zuen. Indarkeria fisikoaz gain, indarkeria ekonomikoa ere pairatu zuen, nahiz eta agerikoa ez izan. Azkenik, epaiak bere familiarentzako elikagai-pentsioa ezarri zuen.