40 urteko emakumea, banandua. Erizaina da, lan egonkorra eta bi seme-alaba nerabe ditu. Mota askotako indarkeria pairatu du sistematikoki —bortxaketa barne— baita ezkontza baino lehenagotik ere, bere seme-alaben aita den bikotekide ohiaren aldetik; 10 urtez ezkonduta egon zen harekin.
Dibortzio-epaiak ebatzi zuen seme-alabak amaren zaintzapean geratuko zirela, eta bikotekide ohiak haien elikadura-pentsioa ordaindu behar zuela. Gainera, ezkonduta zeuden bitartean bizi izan ziren etxea ama eta seme-alabentzako zela ebatzi zen. Dibortzioaren ostean, bikotekide ohiak erasotzen jarraitu zuen, berarekin harremanetan jartzeko edozein modu aprobetxatzen zuen mehatxatzeko, umiliatzeko, iraintzeko, beldurtzeko, bere buruaz beste egin zezan bultzatzeko, etab. Erasotzailea erakunde askotan salatu zuen biktimak, baina ez zuen behar bezalako erantzunik jaso indarkeria geldiarazteko. Aitzitik, erakundeek birbiktimizatu egin zuten, eta buruko gaitz bat balu bezala tratatu zuten.
Dibortzio-epaiaren aldaketa baten bidez, erasotzaileak amari seme-alabak eta etxea —lehenago familiaren ondasun izendatu zena— kentzea lortu zuen, eta areago, amak seme-alabei elikagai-pentsioa ordaintzea ere lortu zuen. Prozedura legal guztiaren izapidetzean, erasotzaileak biktima jazarri, heriotzaz mehatxatu eta jarraitu egin zuen. Inguratuta eta etsita sentitzen zen, eta herrialdetik alde egin zuen. Antolakunde feminista baten laguntzaz itzuli da orain, eta seme-alaben zaintza berreskuratzeko prest dago.