55 urteko emakumea, banandua. Bost seme eta bi alaba ditu. Medellingo 8. komunakoa da. Txikitatik abusuak eta tratu txarrak pairatu zituen, sexu-abusuak barne, familiakoen eta ezezagunen aldetik.

Artean ikaslea zela, bere lehen senarra ezagutu zuen. Berehala geratu zen haurdun, eta eskola utzi behar izan zuen. Ezkondu eta hiru urtera, senarra talde armatu batean sartu zen, eta neska bigarren aldiz geratu zen haurdun. Bere semearen aurrean armekin egindako mehatxuengatik, eta senarrarekin egoteak sorrarazten zion etengabeko arriskuagatik, senarra abandonatzea erabaki zuen. Hark, ordea, emaztearen bizitza kontrolatzen zuen talde armatuko beste kide baten bidez, eta mehatxatu egiten zuen. Mehatxu eta umilazio egoera eten egin zen senarra hil zutenean.

Bigarren senarra izango zena eliza ebanjeliko batean ezagutu zuen, bertan artzain jarduten zuena. Berarekin ezkondu zen, seme-alabek alboan gizon bat, aita bat, izan zezaten. Gainera, senarrak konbentzitu zuen samur jokatuta eta printzipio erlijiosoetan oinarritutako aginpidea baliatuta. Ezkondu ondoren egin zuen lehen gauza emaztearen eta haren seme-alaben iraganeko gauza garrantzitsuak erretzea izan zen (liburuak, argazkiak, musika), haien altzari guztiak saldu zituen, lurrean lo egiten utzi eta giltzaperatu zituen. Handik hiru urtera 4 seme-alaba zituzten (senarrak ez zuen antisorgailurik erabiltzea onartzen, “seme-alabak jainkoaren bedeinkapena direlako”).

Familiaren egoera gero eta prekarioagoa zen, emazteak gordetako zenbait gauza saldu behar izan zituen eta senarraren amaren etxera joan ziren bizitzera; bertan areagotu zen indarkeria. Senarraren diru sarrerak ez ziren nahikoa. Familiak, umilazioez gain, gosea ere pasa zuen. Emakumeak jostun lana bilatzea erabaki zuen, eta 6 seme-alaben eta gizonaren mantenuaren erantzukizuna bere gain hartu zuen; bitartean, senarra etxean geratzen zen eta seme-alabei tratu txarrak ematen zizkien, baita emazteari ere etxeratzen zenean. Indarkeria hori modu askotan gauzatzen zuen: gorputza (ez zien inoiz aurpegian jotzen) ubeltzerainoko kolpeak, itxialdiak, oihuak, irainak, familia eta lagunengandik aldentzea, eta mania-aldiak, zeintzuetan ez zien hiru egunez lo egiten uzten, familiari buruzko erlijio-doktrinaren sermoia eman bitartean.

Kongregazioaren aurrean gizon perfektuaren irudiari eusteko, biktimaren beraren, seme-alaben eta amaginarrebaren isiltasunak hori gerta zedin lagundu zuen. Gehiegikeria bortitzen beldur ziren, eta senarrak emaztea konbentzitu zuen bere egitekoa, aita zen aldetik, familiako ordena eustea zela esanez. Soldata guztia kentzen zion. Halaber, emakumearen lehen senarra hiltzean jasotako etxea saldu zuen senarrak, eta diruaren zati bat gastatu zuen baimenik gabe. Sexu-indarkeria baliatu zuen haren aurka. Azken semea bortxaketa horietako baten ondorioz jaio zen. Senarrak gainerakoak konbentzitzea lortzen zuen, indarkeria haien errua zela esanez, haiek bultzatzen zutela, barkamena eskatzea lortzeraino. Denbora, dirua, zer eta norekin egiten zuten, eta abar kontrolatzen zuen, erreprimituz eta giltzaperatuz. Emakumeak dirua etxera eramaten zuen baina senarrak dena kentzen zion, eta ez zuen ezer uzten hark arropa edota higiene produktuak erosteko; ez zion uzten nahi zuen ezer erosten. Diru guztia zenbatzen zuen eta, zerbait falta bazen, zigortzen zuen. Obedientziaren premisapean 21 urtez sufritu zuten, bai emakumeak, baita seme-alabek ere.