Nazioartea, 1980.

Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna 80ko hamarkadan ezarri zuten Europako hainbat hiritako emakume taldeek. Hauek, NATOren base militarrak jartzearen, armagintzan gastu publikoa handitzearen eta arma nuklearrez hornitzearen aurka egin zuten protesta. Egun honen helburua, gatazka armatuek emakume eta neskengan duten neurriz kanpoko eragina gogoraraztea eta salatzea da.

Gerretan, emakumeen eta nesken aurkako indarkeria arma gisa erabiltzen da sexu-indarkeriaren, ezkontza behartuaren eta lan behartuaren bidez, besteak beste. Indarkeria hori krisi-testuinguruen eta indarkeria orokortuaren ondoren ere luzatzen da, eta askotan gatazka amaitu ondoren ikusezin bihurtzen da. Horregatik, haren inpaktua eta ondorioak modu integralean landu behar dira, genero-ikuspegia ardatz nagusi duten politika publikoak epe luzera diseinatzeko eta ezartzeko beharrezko baliabideak jarriz. Bake-prozesuetan zein ondoren hartzen diren erabakietan emakumeen parte-hartze aktiboaren bidez bakarrik lor daiteke hori, gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten oinarriak eraiki ahal izateko.