Justizia Vanessarentzat, 2021

Ambaton (Ekuador), 2013ko urriaren 19an, larunbatean, Vanessa Landinez Ortega emakume eta ama feminizidio baten biktima izan zen. Gertaera horrek, haren familia mugiarazteaz gain, gero eta ama, ahizpa, langile eta ikasle gehiago elkartzea lortu zuen, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea eta erasotzaileen inpunitatearekin bukatzea aldarrikatzen zutenak.

Egun, ‘Justizia Vanessarentzat’ indarkeriaren biktima izan diren emakumeak oroitzeko eta justizia eskatzeko elkartzen diren emakumeen sare handi bat da. Era berean, egunero indarkeria horri aurre egiten dioten emakumeei babesa eta ahotsa emateko topalekua ere bada.

Testuinguru horretan, ‘Oroimenaren soinuak’ jardunaldiak antolatzen dituzte, aurrez aurre eta online, non hitzaren, musikaren eta dantzaren bitartez indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeen presentzia oroitu eta bizirik mantentzen duten. Gainera, gero eta ugariagoak diren kasuen aurrean Estatuak ezer ez egitea eta arduradunei konturik ez eskatzea salatzen dute.