36 pertsonarekin batera, gazte antolakunde baten aurkako sarekadan atxilotutako emakumea. Hiru egunez inkomunikatuta egon zen: galdeketak egin zizkioten bi funtzionarioren torturak salatu zituen. Inkomunikazioaren ostean urtebetez egon zen behin-behineko espetxealdian. Hori bukatutakoan, askatasuna lortu zuen, bermea ordaindu eta gero.
Tortura-salaketa artxibatu egin zuten. Epaiketa egin ostean absolbitu zuten, sarekada horietan atxilotutako pertsona gehienak bezala. Gaur egun militante izaten jarraitzen du, eta bere aurkako prozedura bat indarrean dago terrorismoa goraipatzeagatik. Kasuari estatu-indarkeriaren ikuspegitik heldu zaio (kasu honetan, inkomunikazioa bera eta behin-behineko espetxealdia estatu-indarkeria gauzatzeko mekanismotzat jotzen dira). Hain zuzen, inkomunikazioan eta espetxealdian pairatutako tortura eta tratua aztertu dira, eta baita horrek hainbat mailatan izandako eragina ere.