Garai hartan Euskal Herriko herri batean bizi zen emakumea. 2006an, 26 urte zituela, haurdunaldia borondatez eten zuen Morin doktorearen klinikan, Bartzelonan. 2007an Morinen aurkako zigor-arloko prozedura hasi zen; legez kanpoko abortuak egitea leporatu zioten. Urte hartan Guardia Zibilaren zitazio bat jaso zuen, lekukotza eman zezan. Ondoren, Euskal Herrira joan zen bizitzera.
2012an Bartzelonako epaitegi bateko beste zitazio bat jaso zuen, Morinen aurkako zigor-arloko prozeduran epailearen aurrean ager zedin. Horrek asko beldurtu zuen, eta abortu eskubidearen aldeko asanbladako abokatu batekin jarri zen harremanetan; abokatuak alderdi legalarekin lagundu zion. Bideo konferentzia bidez deklaratzen utzi zioten. 2013an Morin absolbitu zutela jakin zuen. Ondorioz, auzia bukatu zela ulertu zuen. Aitzitik, Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatzeko agindu zuen, froga bat kontuan hartu ez zelako. 2015ean berriro deitu zuten, epaitegira joan zedin. Prozedura bera errepikatu zuen eta abortu eskubidearen aldeko asanbladarekin harremanetan jarri zen.
Horrela, 2016an (abortatu eta 10 urte geroago) berriro eman behar izan du lekukotza bigarren epaiketan ere, bideo konferentzia bidez. Abokatua saiatu zen ekiditen Morinen kliniketan abortatu zuten ia ehun emakumeek berriz ere deklaratu zezaten, haien lehenengo deklarazioak balio zuela argudiatuta. Fiskaltzak, ordea, ez zuen hori onartu.